“Durango sortu zen aspaldiko garai hartan, zelan osatzen zen udala?”. Horixe da Osaba Bittorri egin diodan galdera. Uste dut siestatik jaiki berritan harrapatu dudala, edo bihotzerrea izango zuen bestela, ze, halaxe bota dit, zapla: “Internetez, Mari, internetez!”. “Erdi Aroan ba al zegoen, ba, internetik?”. Esaldia amaitu orduko mahai gainean zabaldu du Osaba Bittorrek hain gustuko duen Durangoko Hiribilduaren lamina. Entzutea gustuko ez dudala badakien arren, esan dit: “Entzun ondo, ume!”.
Osaba Bittorrek dio Erdi Aroko aspaldi hartan guk udala deitzen diogun horri Kontzejua deitzen ziotela. Garai hartan Durangoko hiribildua harresiz inguratuta zegoen eta harresiz barrurako biztanleen artean aukeratzen zuten Kontzejua, errebaletan bizi zirenek ez baitzeukaten horretarako eskubiderik. “Urtez urte, irailaren amaieran, bi hautesle aukeratzen zituen kale bakoitzak; bat, kantoitik gorakoa, eta bestea, kantoitik beherakoa eta, gero, horien artetik, alkatea eta gainontzeko karguak” dio Osaba Bittorrek.
“Orduan, gaur egun bezala baina alde zaharrekoen artean bakarrik, ezta?” bota diot. “Ez, ume, ez!”. Baldintza batzuk bete behar ei ziren bai botua emateko eta baita hautatua izateko ere. “besteak beste, etxearen jabea izan behar zuen hautesleak, hogeita bost urtetik gorakoa eta, alkate kargurako hautatua izan gura zuenak, balio handiko ondasunen jabe zela aitortu beharra zuen”. Diru kontuak tarteko izaten diren guztietan legez, badirudi hiribilduko leinu aberatsenak Kontzejuko karguak euren artean banatzeko modua egiten saiatzen zirela.
“Gaur egun bezala zela deritzozu, Mari?”. Ezberdintasunak bistakoak dira baina badaude antzekotasunak ere, pentsatu dut neure baitarako. “Eta, jakina, emakumezkoek ezin zuten bozkatu”. Amorratu egin naiz, sutu belarrietatik txinpartak ateratzeraino: “ZERGATIK?!!”. “Hori galdetu zure gurasoei, ume. Siestatik jaiki nauzu eta itzelezko burukominez nago”.
Garapena eta diseinua iametza interaktiboa