Unitate didaktikoak

Durangoko Bonbardaketa > Jolasak > Picassoren koadroan bila

Pablo Picassoren Guernica margolana gerraren aurkako irudi unibertsal bat da, eta Durangon gertatutakoa ere ondo islatzen du.

Parisko erakusketa batean Espainia ordezkatzeko koadro bat enkargatu zion Picassori Errepublikako Gobernuak. Hasieran, margolariak beste gai bat zeukan buruan. Baina, 1937ko udaberriko bonbardaketen argazkiak egunkarietan ikusi zituenean, horri buruz sortzea erabaki zuen azkenean. Maiatzaren 1ean hasi zen zirriborroak lantzen, eta handik hamar egunera ekin zion mihisean margotzeari. 3,49 metroko altuera eta 7,77 metroko zabalera daukan koadro erraldoia denbora oso laburrean osatu behar izan zuen, eta ekainaren 4rako ikusgai ipini zuen. Gaur egun Madrilgo Reina Sofia museoan dago.

Konturatu zara koadroak dituen elementuez? Topatu eta markatu itzazu hurrengoak: Umea, kriseilua, lorea eta txoria.

Orain, taldean batu eta komentatu koadroaren zentzua:

  • Zergatik margotuko zuen beltza eta grisa erabiliz?
  • Zuen ustez, zer adierazi nahi du loreak?
  • Zergatik ez da hegazkinik eta bonbarik agertzen?
  • Zuek ze elementu sartuko zenukete gerrari buruzko margolan batean?

Durangoko Arte eta Historia Museoan Gerra Zibilari eskainitako atal bat dago ikusgai. Bertan, Picassoren obrari buruzko erakusketa bat antolatu zuen 2017an, eta Guernica-ren bozeto baten kopia ikusgai dago ordutik. Joan zarete ikustera?

Museoko atal berean, frankistak Durangon sartu zireneko unea islatzen duen koadro bat ere badago, Durango suntsituta ageri dena. A. Ferrer bezala sinatuta ageri da, baina Garazi Arrizabalaga zuzendariaren arabera, bere egiletza misterio bat da. Museoan ikusi eta gero, alderatu Picassoren margolanarekin.

Ikaslearen txokoa

Garapena eta diseinua iametza interaktiboa