Unitate didaktikoak

Durangoko Bonbardaketa > Irakurgaiak

Hilerriko hobien misterioa

Durangoko bonbardaketan hildako batzuk familien panteoietan sartu zituzten, eta beste 84 hobi komunetan lurperatu.

 

Geroztik, hobi komun horien inguruan misterio handia egon da. Izan ere, hilerriko akta liburutik egun haietako orrialdeak kendu zituzten. Ez zegoen argi zeintzuk ziren hobietan lurperatutakoak, ezta zehazki non zeuden ere.

 

Jon Irazabal historialariak zerrenda bat osatu zuen, eta hor izen batzuk argitu ziren. Baina gainerakoak identifikatzeko asmoz, ikerketa bat hasi zuten 2021ean Gerediagak, Durango 1936 elkarteak eta udalak. Horri esker, hainbat familiagaz kontaktatzea lortu zuten. Guztira, 52 biktimen izenak ezagutu ziren.

 

2022 urte hasieran kanposantuko lurrak arakatu zituzten Aranzadi zientzien elkarteko kideek, biktimen arrastoak lokalizatzeko helburuz. Dokumentuak eta senitartekoen testigantzak kontuan hartuta, hilerriko bi eremutan egin zituzten zuloak, baina bilaketak ez zuen emaitzarik eman: ez zuten biktimen arrastorik topatu.

 

Jimi Jimenez durangarra Aranzadiko eta Durango 1936 elkarteko kidea da, eta ikerketan egon zen. Bere ustez, hutsunearen azalpen logikoena hauxe da: duela hamarkada batzuk, biktimen arrastoak lekuz aldatuko zituztela. Izan ere, hilerrietan, sarritan gertatzen dira horrelako aldaketak, lurra berrerabili ahal izateko. Beraz, hobien misterioa oraindik ez da argitu Hala ere, teoria hori ezin da konfirmatu, eta gaia ikertzen jarraituko dutela azaldu du Jimenezek.

 

Hobiratuak izan zirenak omentzeko asmoz, Durangoko Udalak oroigarri bat ezarri du hilerrian.

 

Ulertu duzu? Ea hirugarren ariketa ondo betetzen duzun!

Ikaslearen txokoa

Garapena eta diseinua iametza interaktiboa