Oilarraren kantuarekin esnatu zen Miren, goizean goizik. Izan ere, Durangora joan beharra zuen, amari baserriko produktuak saltzen laguntzeko. Horrela ba, gosaldu ostean amari otzarak eta zakuak prestatzen lagundu zion. Denerik sartu zuten: porruak, babak, patatak, piperrak, arrautzak, txorizoak... Aitak Braulio astoa ekarri zuen kortatik, eta honen gainean banan-banan kargatu zituen ama-alabek atondurikoak.
Oraindik eguna argitzen zegoela, haizearen freskura igarri zuen Mirenek. Martxoaren 31 zen, udaberriaren sarrera.
Braulioren pauso geldoan, txiri-txiri ekin zioten ibilaldiari.
- Aupa Braulio! Goazen! Astotxoa, gure astotxoa... -jarraitu zuen animoak ematen umeak.
Braulio maite zuten pila bat. Zaharturik zegoen, baina lanerako ez zuen arazorik ematen, ona eta lasaia zelako. Kolore beltzekoa zen, musturrean zuriune batekin, eta belarri luzeak zituen. Mirenek ondo zaintzen zuen; egunero ogia ematen zion, eta jaten zuen bitartean laztandu egiten zuen, panpina balitz bezala. Braulioren ilea ukitzea lasaigarria zen.
Ordubetez ibili eta gero, azkenean ailegatu ziren Andra Mariko elizpera. Mirenek eta amak atoan prestatu zuten euren postua, etxeko uzta saltzeko irrikaz. Braulio euren ondoan utzi zuten, sano trankil.
Bat-batean sirena hotsa zabaldu zen, eta elizako kanpaiak ere dilin-dalan dilin-dalan hasi ziren. Jendea oihuka. Danba! Danba! Danba! Trumoi erraldoiak ziruditen, baina bonbak ziren. Miren eta ama hormaren kontra babestu ziren guztiz kikilduta. Amak alaba besoetan hartu eta begiak zarratzeko agindu zion.
Zaratak aldendu zirenean burua altxatu zuen Mirenek. Ai ene! Braulio falta zela konturatu zen.
- Ama! Braulio non dago? Minik hartu ote du?
- Ez dakit, Miren. Izuturik alde egingo zuen. Goazen bilatzera.
Alde zaharreko kaleetan barrena dena zen sua, horma zatia, egurra. Animali batzuk deskontrolatuta zebiltzan. Jendea hara eta hona senideen bila, aztoraturik. Askorentzat bizitzan inoiz ahaztuko ez zuten eguna izan zen, beste askorentzat euren bizitzako azken eguna.
- Miren, Braulio ez dut inondik ikusten, baina ezin dugu hemen luzaroan geratu. Goazen etxera ahalik eta bizkorren! -bota zion amak alabari ahots triste batekin.
Ihesaldian, negar batean zihoan Miren, Durangon ikusitakoarekin beldurtuta. Gainera, Braulio galdu izanak pena ikaragarria ematen zion. Zer egingo zuen orain lasaitzeko beharra zeukan bakoitzean?
Azkenean, tirriki-tarraka baserrira heltzen zeudela, urrunetik arrantza batzuk entzun ziren. Ama-alabek sorpresa itzela hartu zuten etxe atarian.
- Braulio! Braulio! -dei egin zuen Mirenek.
- Han gure Braulio, bera bai espabilatua! -esan zuen amak pozik.
Etxerako bidea ondo ikasia zeukan astoak, asteroko txangoetara ohituta. Miren korrika joan zen Brauliorengana eta besarkada handi-handi bat eman zion.
Garapena eta diseinua iametza interaktiboa